miércoles, 25 de marzo de 2009

Zer da Nairolau

Munduan zehar 25 urte eta milioi bat kilometro egin ondoren, Nairobitarra autobusaren asmoa bidean da berriz, oraingoan gure inguruko parajeak hobeto ezagutzeko asmoz.

Urte hauetan Afrikako nomadak eta ganbelu-karabanak ezagutu ditugu, eta orain Pirinioetatik Bardeara jaisten diren azken artzain trashumanteengana ere abiatuko gara.





Kaliforniako Yosemite bezalako haran-glaziarretan geologia pixka bat ikasi dugun bezala, izotzak gure paisaia nola eraldatu zuen ere ikusi nahi dugu geologo baten laguntzaz, adibidez Aralarren txango bat eginez.



Australiako opalo-bilatzaileen istorioak bildu ditugun bezala, gure herrian dauden meatzaritzaren arrasto deigarriak ezagutzera ere joango gara, Gallarta, Arditurri edo Leitzaranera.



Horretarako, bi pisuko autobus bat jarri dugu martxan. Orain arte izan diren hiru nairobitarrak kontatzen hasi, NairoBi, NairoHiru… eta Nairolau atera zaigu.



Asmoak

Autobusa 25 lagunentzako ibilgailu, ostatu, jangela eta kultur etxe ibiltaria izango da. Hasierako asmoa: asteburuko bidaia tematikoak egitea, ahal dela aditu baten gidaritzapean, euskal kostaldeko istorio ezkutuak historialari baten eskutik ezagutzeko (piratak, kortsarioak, balea-ehiztariak, esklabo-saltzaileak…), artzaintzaren arrastoak jarraitzeko (Arantzazu-Urbia, Bardeak…), biologo batekin baso mota desberdinetan ibiltzeko (Saldropo, Betelu, Artikutza, Irati…) edo geologo baten azalpenak jarraituz gure mendiak ezagutzeko (mendi karstiko baten azaletik txangoa eta ondoren lurrazpiko leizeetan bisita)... Aurrerago irteera horiek luzatzeko asmoa dugu, astebetez Euskal Herria eta inguruak ezagutzeko edo bestelako bidaiaren bat antolatzeko.

Nairolaun beste jarduera mota bat ere antolatuko dugu: solasaldiak, hitzaldiak, emanaldiak… Afaritxo baten inguruan, adituak ekarriko ditugu Txinari buruzko hitzaldi-erradiografia bat, gps ikastaro bat, gerra-kazetaritzaren inguruko tertulia bat edo bidaia berezi baten argazkiak eta kontakizuna eskain diezaguten.

Sosak

Nairolauren bultzatzaileok ez dugu inolako asmorik (eta, seguru asko, gaitasunik ere ez) proiektu honekin aberasteko. Autobusa erosi, eraldatu eta martxan jartzeko 33.000 euro gastatu ditugu. Lau lagunek dirua jarri dute eta beste dozenaka batzuk denbora: guztien artean 500 lan-ordu inguru eman dituzte autobusean lanean. Gure poltsikotik ordaindutako eta gure ahaleginarekin abiatutako proiektu bat da, eta nahikoa zaigu bidaiez gozatzea eta datozen urteetan pixkanaka, ahal bada, zulo ekonomikoa tapatzea.

Gauzak merke egin nahi ditugu, kultur aukera hauek denon eskura jartzeko. Bidaia eta solasaldietan parte hartzeko, diru kopuru bat eskatuko dugu: gastuetarako, gurekin etorriko diren adituei ordaintzeko (hauek ere ez dira aberastuko: ezin izango diegu asko eman, baina haien lana eta denbora estimatu behar dela uste dugu) eta pixkanaka inbertsioa errekuperatzen joateko. Ikasle eta langabetuei ere aukera eman nahi diegu jarduera hauek beste modu batean ordaintzeko: dirutan izan beharrean, lan-ordutan ordaindu dezakete. Bidaia baten biharamunean, ondo etorriko zaigu goiz bat autobusa txukuntzen eta garbitzen lagunduko digun norbait.

Abiatzera doa...

Laster hasiko gara lehenengo solasaldiak eta irteerak antolatzen. Blog honetan izango duzue horien berri. Eta zuen posta elektronikotan gure mezuak eta planak jaso nahi badituzue, idatz ezazue helbide honetara: nairobitarra (a) gmail.com

3 comentarios:

  1. Hori da hori lana egitea! ideiarik ez zaizue falta behintzat, burua beti martxan! Zorte ona besterik ez dizuet opa, animo! eta kostaldean paradatxo bat egin ahaztu gabe, guk ere ezagutu nahi ditugu eta itsasorik ez dagoen txokoak.

    ResponderEliminar
  2. A ze proiektu polita Ander, autobus magikoarena! Ni noski apuntatuko naizela! Besarkada handi handi bat eta zorte on!

    ResponderEliminar
  3. RSS jariora harpidetuko naiz zuen berri izateko. Sorte on proiektu berri honekin

    ResponderEliminar